GETARIA 4-0 Bergara b
January 13, 2009 | Egilea: getaikoketaPartida dotorea ikusi ahal izan zuten larunbat arratsaldean Orioko Mendibeltz futbol zelaira gerturatu ziren zaletuek. Aurrez-aurre Getariako keta eta Bergara B ziren, igoera faseko sailkapeneko lehen bi taldeak. Partida hasiera benetan aparta egin zuten getariarrek, lehen minututik erasora ateraz hamaika jokalariak. Lehen 15 minutuetan aukera paregabeak izan zituzten getariarrek, aldeko penalti bat barne, baina atezain bergararrak maila handiko geldiketak burutu zituen, bere atea ziur babestuz. Minutuak aurrera, getariarrek hasierako dominioa mantentzen zuten, eta aukera garbienak ere eurenak ziren. Bergarako jokalariak desagertuta aritu ziren lehen zati honetan, getariarren erritmoari jarraitu ezinean. Honela, aukera ugariren ostean getariarren lehen gola iritsi zen jokaldi dotore baten ostean, Aritz Arregi hegaleko bizkorrak buruz lortu zuena. Zailena eginda, getariarrek berdin jarraitu zuten eta lehen zatia amaitu aurretik, Beñat Gerekak bigarren gola sartu zuen Ketarentzat. Atsedenaldira beraz 2-0 emaitzarekin iritsi zen. Bigarren zatia ere testuinguru berdinean joan zen eta getariarren nagusitasuna argi geratu zen zelaiaren gainean. Bigarren zati honetan gainera, getariarrek beste bi gol lortu zituzten. Lehena partida biribila jokatu zuen Iosu Arangurenek erdietsi zuen maisuki eta bigarrena aldiz taldeko goleatzaile nagusi den Beñat Gerekak, arratsaldeko bere bigarren gola lortuz. Azkenean beraz, partida oso ona, urrezko 3 puntu eta seriotasun eta kalitate erakustaldia eman zuen Getariako Ketak igoera faseko bigarren ihardunaldian. Sailkapen nagusian lidertzan dira beraz getariarrak, jokatutako bi neurketak irabazi ostean.
Martutene B 0-2 GETARIA (IGOERA FASEA)
January 8, 2009 | Egilea: getaikoketaIgoera faseari ere garaipenarekin eta lidertza postuan ekin dio Getariako keta taldeak. 2008 urte biribilari amaiera oparoa eman diote getariarrek.
Larunbat arratsaldean ekin zioten igoera faseari getariarrek, eta ez gainera baldintzarik onenetan, taldeak baja ugari baitzituen lesioak eta lan kontuak medio, batez ere atzekaldeko lerroan. Izan ere, partidarako deialdian zentral bat bera ere ez zegoen: Iosu Mugika, Gorka Uzkudun eta Aitor Irigoien lesionaturik jarraitzen dute, azken biak hurrengo partidetarako prest egotea aurreikusten bada ere, eta Iosu Alberdi ere lan kontuak medio partida jokatu ezinean zen.
Honela, Adolfok beste behin jokalari multzo zabalera jo behar izan zuen eta Iker lateralak eta Jonpa euskarriak burutu behar izan zituzten zentral lanak partida honetan. Eta oso lan txukuna egin zuten gainera.
Partida parekatua izan zen, eta lehen zatia 0-0ko emaitzarekin amaitu zen. Aipatu behar da Martutene B taldea oso talde gaztea eta futbolean ongi jokatzen duena dela, aurkari gogorra beraz igoera fase honetan.
Bigarren zatian, getariarrak buru belarri irten ziren zelaira hiru puntuen bila. Eta ekinez egin zuten garaipenerako bidea. Partidaren lehen gola Iosu Iribar taldeko golegileak lortu zuen. Handik aurrera getariarrak erosoago sentitu ziren, abantaila hartzeak ematen duen konfidantza medio. Hurrengo minutuetan Eder Alonso ezker erdilariak lortu zuen getariarrentzako bigarren gola eta partidako azkena.
Honela beraz, 0-2 ko emaitzarekin amaitu zen ketaren igoera faseko lehen partida eta garaipen oso garrantzitsua erdietsi zuen. Taldeak beste behin erakutsi du kontuan hartzeko eta igoera lortzeko talde bat dela eta unerik zailenetan ere egoera aurrera ateratzeko gai dela.
IGOERA FASEKO TALDEAK
December 17, 2008 | Egilea: getaikoketaGRUPO 1: GETARIA, amara berri, amaroz, allerru b, soraluze, martutene b, usurbil b, landetxa, bergara b, union txiki-touring b.
GRUPO 2: ostadar, irun 1902, segura, kostkas, intxurre, gure txokoa, gazteak, axular, ordizia b, oiartzun.
GETARIA 4-1 Segura
December 15, 2008 | Egilea: getaikoketaHasi bezala amaitu du lehen ligaxka Getariako Ketak, hau da, garaipenarekin.
Larunbatean Orioko Mendibeltz zelaian jokatu zen partidako protagonista eguraldia izan zen. Hotz handia eta euria etengabe. Futbolean jokatzeko eguraldi egokiena ez beraz.
Getariarrak ordea gogoz zeuden lehen ligaxkari amaiera ona emateko, eta halaxe egin zuten.
Aurkaria ez zen edozein, bigarren sailkaturik zioan Segura baizik. Hala eta guztiz ere, getariarrak nagusi izan ziren lehen unetik, partidaren bila irten zirelarik indartsu. Lehen unetik aukera ugari izan zituzten getariarrek, baina goli lortu gabe. Etengabe ari zen erasoan Keta eta hauetako batean, merezimendu osoz iritsi zen lehen gola. Mikel Mugikak jaurtiketa gogorra egin zuen area kanpotik, atezainak ezin izan zuen baloia blokatu eta erretxazean adi zegoen Beñat Gereka, partidako lehen gola erdiesteko. Bide onean zen partida beraz.
Hala ere, minutu batzuk beranduago, Segurakoen berdinketa iritsi zen, penalti bidez. Xabi atezainak asmatu egin zuen jaurtiketaren norantza eta penaltia gelditzeko zorian izan zen, baina azkenean baloiak sareetan amaitu zuen, 1-1koa jarriz.
Ondorengo minutuak parekatuagoak izan ziren, aukera denak ketakoek izan zituzten arren. Atsedenaldira beraz, 1-1koarekin iritsi zen.
Bigarren zatiari ere gogotsu ekin zion Ketak. Minutuak aurrera ordea parekatzen zioan norgehiagoka, lehen zatian gertatu bezala. Partidaren amaierarako 20 minuturen faltan ordea Mikel Mugikak falta jaurtiketa gogor eta kolokatu baten bidez, gol zoragarria lortu eta aurretik jarri zituen etxekoak. Hortik aurrera partida erabat hautsita geratu zen eta getariarrak partidaren jaun eta jabe izan ziren. Hirugarren gola ere berehala iritsi zen, Iker Esnalen pase bat Iosu Arangurenek baselina bidez sareetan sartu ostean. Partidaren amaieran laugarren gola iritsi zen, hau ere falta jaurtiketaz. Silvanek amagoa egin eta Ederrek ezkerrez gol polita lortu zuen, atezaina lo harrapatuz.
Azkenean beraz 4-1 bigarren sailkatuari eta lehen postua getariarrentzat. 14 norgehiagokatik, 10 irabazi, 3 berdindu eta bakarra galdu dute, lider sendo izan direlarik 14 asteetan zehar.
Orain gabonetako atsedenaldia izango dute getariarrek, eta urtarrilaren bigarren astean ekingo diote aurreko urtean baino luzeagoa izango den igoera faseari.
Taldeak baja asko ditu momentuan, eta honen adibide da, larunbatean taldea utzita duen Iker Esnalek jokatu egin zuela partida taldeari laguntza emateko, oso jokalari gutxi baitzeuden larunbatean jokatzeko. Partida biribila burutu zuen Ikerrek eta taldeak eskerrak eman nahi dizkio.
Urki 3-3 GETARIA
December 15, 2008 | Egilea: getaikoketaAbenduaren 6an, goizeko 10:15etatik aurrera izan zuten partida ketakoek, Eibarko Unbe zelaian Urki taldearen aurka. Sailkapeneko lehena eta azkena ziren elkarren aurka, eta partidak erraza eman arren lehen begiradan, getariarrek bazekiten arrisku handiko norgehiagoka zela, Orion jokatu zuten partidan ere 3-1 nagusitu baitziren ketakoak, baina asko sufritu ostean.
Larunbatean Eibarren are eta gehiago sufritzea suertatu zitzaien. Ketakoak baja ugari zituzten partida honetarako, lesioak azkenaldian protagonista bilakatzen ari baitira. Eta entrenatzailea horren jakitun zen. Hala eta guztiz ere, hamaikako txukuna atera ahal izan zuen larunbatean, aurtengo denboraldian plantila zabala baitu bere esanetara.
Lehen zatia nahiko korapilatsua izan zen. Ketakoak baloia ukituz ongi ekin zioten partidari. Baina minutuak pasa ahala gauzak okertzen joan zitzaizkien. Izan ere, nahikoak izan ziren getariarren bi akats, Urki taldea 2-0 irabazten jartzeko. Getariarrek aukerak izan zituzten partidari buelta emateko, baina ez zituzten hanketan izandako aukera garbiak aprobetxatu.
Atsedenaldira 2-0 koarekin iritsi zen beraz Eibarren.
Entrenatzaileak haserrea adierazi zien jokalariei aldageletan, eta partidaren bila irteteko agindu bigarren zatian. Atzean hiru atzelari jarri zituen, aurrera begira jokalari gehiago eta aukera gehiago izateko asmoarekin.
Bigarren zatia hastearekin batera ordea Urkikoen hirugarren gola iritsi zen. Kolpe gogorra getariarrentzat, baina ez erabakiorra.
Gakoa entrenatzaileak egindako aldaketak izan ziren partida honetan. Aurrean haize freskoa eta mugikortasuna bilatu nahian, Urtzi Esnal eta Andoni Galarraga aurrelariak zelairatu zituen Adolfok, eta oraingoan bete betean asmatu zuen aldaketa honekin. Andonik zulo asko ireki zituen eibarkoen defentsan eta Urtzik partida erabat hautsi zuen.
Hala ere halakorik ez zen gertatu partidaren azken minutuetaraino. Partida amaitzeko 10 minuturen faltan 3-0ko markagailua ikus zitekeen Unben. Partidaren amaieran ordea 3-3koa nagusitu zen. Izan ere Urtzik lehen gola lortu zuen 90 mintuak agortzear zirela. Dagoeneko luzapenean Jonpak bigarrena lortu zuen eta partidako azken minutuan, Urtziren pase dotore bat baliatuz hirugarrena egin zuen Iosu Arangurenek, atezaina atzean utzi ostean. Berriro ere zoramena izan zen nagusi partidaren amaieran. Larritasun handiak igaro arren, taldeak lehen postua bermatzeko behar zuen puntua lortu zuen. Getariako keta taldeak beraz bere lehen helburua bete du: lehen postua amaitzea hasierako ligaxka.
Taldeak asko hobetu beharko dugu jokoa igoera faseari begira, azken partidetan ez baita ari batere gozatzen zelaian.
GETARIA 0-1 Ikasberri
December 1, 2008 | Egilea: getaikoketaInork gutxik espero zuenean iritsi da aurtengo denboraldiko ketaren lehen porrota. 11 partida galdu gabe egon ostean, 12.ean porrota erdietsi dute getariarrek. Modurik tristeenean gainera: etxean jokatuz eta sailkapenaren atzeko postuetako talde baten aurka. Oso gutxi erakutsi zuten Ikasberriko jokalariek igande arratsaldean Mendibeltz futbol zelaian. Baina getariarrak ere ezezagun aritu ziren, oso motel eta partidari erritmorik jarri gabe. Partida txarra jokatu zuten, eguraldia bezalakoa, oso hotza.
Partida hasieratik 3 puntuen bila irten ziren getariarrak, baina ezinean eta partidaren erritmoa jarri ezinik aurkitu ziren lehen zatian. Partidako aukera gehienak getariarrek izan zituzten, baina ezin izan zuten gol bat bera ere egin. Taldea tentsio handiz jokatzen ari da azken neurketak, multzoko lehen postua ahalik eta azkarren bermatu nahian, eta honek ere eragina izan dezake azken asteotako bajoia azaltzeko unean. Gelditzen ziren 3 partidetan puntu bakarra eskuratzea nahiko zuten getariarrek, eta atzo zen lehen aukera horretarako. Hurrengo astera arte itxoin beharko du orain taldeak.
Esan bezala lehen zatia nahiko motela eta aukera gutxikoa izan zen. Baina aurrera egiteko ahalegin gehiago egin zuten getariarrek aurkariek baino. Honela beraz, 0-0 berdinketarekin iritsi zen atsedenaldira.
Bigarren zatiari gogotsu ekin zioten getariarrek. Baina atzo ez zuten aurreko partidetan bezain abilezi handia erakutsi aukerak sortzeko unean. Aurkariak aldiz, beren lana egiten ari ziren, atzean nahiko seguru azalduz eta baloi luze eta kontraerasoak baliatuz getariarren area ingurura iristeko. Baina inongo arriskurik gabe. Sarrera oso gogorrak egiten hasi ziren bigarren zati honetan azpeitiarrak eta giroa berotzen joan zen. Hauetako batean, azpeitiar aurrelari batek oso sarrera itsusia eta gogorra egin zion Iosu Alberdi getariarrari, honek momentu batez zelaitik atera beharra izan zuelarik minaren ondorioz. Epaileak ez zion txartel bat bera ere atera. Aurkariek Iosuren hutsunea baliatu zuten baloi luze baten ostean 0-1koa jartzeko. Getariarrak ordea, ez zuten amore eman galtzen jarri arren eta are eta amorru gehiagoz berdinketaren golaren bila abiatu ziren. Izan zituzten aukerak Beñat Gereka eta Iosu Alberdiren buruz eginiko bi errematetan eta garbiena Aitor Irigoienek egindako jaurtiketan, zeinak langan jo zuen atezaina gainditu ostean. Ezin zuten ordea golik egin getariarrek. Aurkariak sarrera gogorrak egiten jarraitu zuten. Hauetako batean oso sarrera gogorra egin zioten Iosu Aranguren aurrelariari, baloia erabat ahaztuta bere hanken bila joan zirelarik. Sarrera honen ostean liskar modukoa sortu zen eta Aitor Irigoien jokalari getariarrak txartel gorria ikusi zuen Arangureni sarrera egin zionari ostikada bat eman ostean. Getariarrak 10ekin geratu ziren beraz. Hala ere aukera ugari izan zituzten berdinketa lortzeko, baina ezin. Partida amaieran, epaileak bere lana benetan biribiltzeko, Manex Larrañagaren gol legala anulatu egin zuen. Oso haserre bukatu zuten getariarrek bai epailearekin eta baita euren lanarekin. Ahazteko partida izan zen.
Sailkapenean lehen postuan jarraitzen du Ketak, bigarrenari 6 puntu eta hirugarrenari 9 puntuko aldea ateratzen diolarik 2 partidaren faltan.
Taldeak asko sentitzen du azken partida honetan ondo aritu ez izana eta eskerrak eman nahi dizkie partida ikustera gerturatu eta nahiko dezepzionatuta itzuli ziren jarraitzaileei.
Bergara B 2-2 GETARIA
November 25, 2008 | Egilea: getaikoketaEz dago denboraldi honetan Getariako Keta futbol taldeari irabaziko dion talderik. Ondorio horretara iritsi zen larunbatean Bergarako futbol zelaian. Partida amaitzeko 20 minutu soilik falta ziren. Bergara B taldea 2-0 zen aurretik markagailuan. Getariarrak nahi eta ezinean zebiltzan, izaten ari ziren aukerak ezin zituztelarik golean amaitu. Partidua oso liskartuta zegoen: sarrera gogorrak bi aldeetan, jokalarien arteko pikeak,.. Beltz, oso beltz zegoen panorama, eta getariarrek aurtengo denboraldiko lehen porrota erdietsiko zutela segurua zirudien. Akabo bolada ona…
Ez zen horrela gertatu ordea.
Larunbatean Bergara B taldearen aurkako partida gogorra aurreikusten zen… eta uste baino gogorragoa izaten amaitu zuen. Partida hasieratik, etxeko taldea baloia ukituz hasi zen. Getariarrek ez zuten baloia euren oinetan, baina ongi ari ziren defentsa lanetan. Minutuak aurrera ordea, bergararren nagusitasuna handituz joan zen. Erasoan bolkaturik, getariarrak sufritzen hasi ziren, gauza onerako gehiegi ari baitziren gerturatzen Xabiren atera bergarako jokalari gazteak.
Honela, 25. minutuan, falta jaurtiketa bat errematatu ostean, etxekoen lehen gola iritsi zen. 1-0, partidari buelta eman beharrean ziren getariarrak.
Taldeak pixka bat erreakzionatu zuen eta gola egiteko bi aukera ezinhobe ere izan zituzten, baina batean atezainak eta bestean langak, eragotzi egin zuten berdinketa. Taldea arrisku gehiagorekin hasi zen bergararren atera iristen, baina bergarako mutilak ere erasoan jarraitzen zuten. Lehen zatia amaitzeko 5 minuturen faltan, zorte txarreko jokaldi batean, etxekoen bigarrena etorri zen, ustez arriskuri ez zegoen jokaldi batean. 2-0 emaitzarekin iritsi zen beraz atsedenaldira. Liderra kinka larrian zen.
Adolfo entrenatzaileak gogor hartu zituen jokalariak aldageletan. Eman zutena baino askoz gehiago egin zezeketela errepikatu zien, eta borrokatu gabe eta serio eta kontzentratuta jokatu gabe ezin zela ezer egin.
Gogoz atera ziren ketakoak bigarren zatian, aurrean zuten lana handia eta konplikatua zela jakin arren. Bigarren zati oso lehiatua ikusi ahal izan zen. Lehiatua eta gogorra ere bai, sarrera zikin eta liskar ugari egon baitzen bi taldeetako jokalarien artean. Getariarrak aurrera begira jarri zituzten indarrak, golaren bila, honek atzean arriskuak hartzea suposatu arren. Erritmo bizian jokatu zen bigarren zati hau. Getariarrak aukera gutxi izaten ari ziren, eta aukera hauetan ere ezin atea bilatu: atezainak meritu handiko geldiketak egin zituen, posteek ere lehen gola ekidin zuten,…
Minutuak aurrera zihoazen eta emaitzak bere horretan zirauen. 20 minutu baino gutxiago falta zirenean ordea, bigarren zatian zelairatu zen Jon Pajares zarauztarrak getariarren lehen gola lortu zuen korner bat errematatu ostean. Taldeak sinetsi egin zuen partidari buelta eman ziezaiokeela, oso denbora gutxi geratu arren partida amaitzeko. Gelditzen ziren indarrak batu eta ketakoak bigarren golaren bila abiatu ziren aurrera. Partida amaitzeko 10 minutu baino gutxiago falta zirenean, jokaldi klabea iritsi zen: Anuk Bergara lateralari falta egin zioten zelai erdia baino pixka bat aurrerago, eskuinaldean. Aitor Irigoienek area barrura erdiratu zuen falta jaurtiketa. Erdiraketa Jon Pajaresek errematatu zuen buruz. Atezainak gelditzea lortu zuen baina baloia area barruan geratu zen. Mikel Mugika adi egon zen eta baloia sareetara jaurti zuen. Zoramena nagusi zen taldeko kide denen artean. Seguran lortutako berdinketaren golaren ostetik, ez zen gol baten halako ospakizunik izan Ketan.
Berdindu ostean, taldea 3. golaren bila abiatu zen eta bi aukera garbi ere izan zituzten azken 3 minutuetan. Bergarakoek ere eduki zuten beraien aukera. Baina partida azkenean 2-2 emaitzarekin amaitu zen. Galdu gabe jarraitzen dute getariarrek. Eta dagoeneko 11 jardunaldi igaro dira.
Sailkapenean lider da beraz taldea. Bigarrena 7 puntura dute eta hirugarrena 9ra. Hiru partida falta direnez liguilla amaitzeko (9 puntu soilik jokoan), taldeak partida bat irabaztea nahiko du lehen postua bermatzeko.
10. ihardunaldiko sailkapena (2008/XI/16)
November 17, 2008 | Egilea: getaikoketa| Pos. | Taldea | Puntuak |
| 1 | GETARIA | 28 |
| 2 | Soraluze | 19 |
| 3 | Segura Goierri | 17 |
| 4 | Bergara B | 16 |
| 5 | Gazteak | 13 |
| 6 | Ikasberri | 9 |
| 7 | Eibartarrak B | 7 |
| 8 | Urki | 6 |
GETARIA 4-1 Gazteak (2008-11-16)
November 17, 2008 | Egilea: getaikoketaGaraipenaren bidetik jarraitzen dute getariarrek aurtengo denboraldian eta dagoeneko oso talde gutxik egin ahal dutena lortu dute: lehen 10 partiduak porrotik gabe igarotzea. Errepikatzeko oso zaila izango den bolada onean daude ketakoak. Jarrai dezala beraz bolada honek ahalik eta denbora gehien…
Orioko Mendibeltz zelaian ez zuen giro egiten, euria etenik gabe eta hotza baitzegoen igande arratsaldean. Baina partida 16:30tan hasi zenean, harmailetan getariar ugari ikus zitezkeen, herriko taldea ikusi eta animatu asmoz. Hasiera batean, irabazteko partida zuten getariarrek, etxean jokatzen baitzuten eta sailkapenaren erdiko arerio baten aurka, baina futbolean ez dago partida errezik, eta kosta egiten da 3 puntuak lortzea betiere. Igandean argi geratu zen hau.
Taldearen hasierako hamaikakoan aldaketak egon ziren, eta honela, Ion Silvan eta Aitor Arregi Ximel, titular moduan zelairatu ziren estreinekoz, biek ere lan polita burutu zutelarik.
Partidaren hasieran ikutuz hasi zen Keta. Baloia alde batera eta bestera ongi mugitzen hasi zen, presarik gabe. Denbora aurrera zihoala ordea, jokuak behera egin zuen. Aurkariek ez zuten gehiegi erasotzen, baina adi zeuden getariarren hutsen bat baliatzeko asmoz. Eta horrela, 20. minutuan Gazteak taldearen gola etorri zen, inork espero ez zuenean. Getariarrak erasoan ziren, baina baloia galdu ostean, eibarko jokalariek kontraeraso bizkor baten bidez, eta getariarrak aurrera igota zeudela aprobetxatuz, 0-1koa ipini zuten. Krisi txiki antzeko bat igaro zuten getariarrek, baina gauzak oso gaizki jarri arren, egoerari buelta emateko gai izan ziren. Hor dago aurten taldearen indarra. Sinetsi egiten dute garaipena eurena dela. Honela, hainbat aukeren ostean, kostata baina iritsi zen berdinketaren gola, Iker Esnal aurrelariak lortu zuena. Lehen zatian bigarrena sartzeko aukerak izan arren, 1-1 berdinketarekin iritsi zen atsedenaldira. Entrenatzaileak atsedenik gabe garaipenaren bila joan behar zutela azpimarratu zien atsedenaldian jokalariei, eta oso garrantzitsuak ziren 3 puntuak ezin zutela oriotik alde egin.
Jokalariek kasu egin zioten entrenatzailearen esanei, eta bigarren zatian gogor atera ziren erasora. Aukera argi batzuren ostean, Iker Esnal aurrelariak bere bigarren gola lortu zuen, getariarrak aurretik jarriz. Oso gol garrantzitsua izan zen, hainbat aukera huts egin ostean, bigarren gola ez zela iritsiko ematen baitzuen. Handik aurrera partidaren kontrola ketakoena izan zen erabat. Erasoan bizkor moldatu ziren, eta honela etorri ziren 3. eta 4. golak, biak ere Aritz Arregi jokalari bizkor eta borrokalariak lortuak. Partidako azken minutu hauetan taldeak eroso jokatu zuen, baloia atzetik ikutuz eta bandetatik min handia eginez. Eibarkoek ezin izan zuten ezer egin bigarren zati honetan.
Beraz, asko kostatu arren, hiru puntuak etxean geratu ziren, eta ketakoek lidertza are eta gehiago sendotzen dute. Izan ere, 4 partiduren faltan (12 puntu), bigarren sailkatu den Soraluze taldea 9 puntura dute, Segura 11 puntura, eta Bergara B 12 puntura. Multzoan gol gehien sartu duen taldea da Keta, eta bigarren erregional maila guztian gol gutxien jaso duena, eta partidarik galdu gabe jarraitzen duen bakarra.
Aipatu beharra dago, igandeko partidan Urtzi aurrelariak debuta egin zuela eta baita Iker Esnal getariarraren azken partida izan zela. Lana eta ikasketak medio, ezin izango du ketan jarraitu Ikerrek, aurreko denboraldiko golegile onenak. Agur polita izan zuen igandean, bi gol lortu baitzituen neurketan. Ketako zuzendaritza eta kide guztien partetik, eskerrak eman nahi zaizkio Ikerri egindako ahaleginengatik eta taldeari aportatu dionagatik. Ikasketak amaitzen dituenean, taldeko atea zabalik duela esan beharrik ez dago.

